martes, 13 de mayo de 2014

Berrikuntzak hezkuntzan. Gogoeta.

Gure ustez, hezkuntza esparruan berrikuntzak emateko aspektu garrantzitsuenetariko bat honako hau da: irakaskuntza on bat aurrera eramateko, aldaketen aurrean egokitzeko gaitasuna edukitzea. Izan ere, irakasle on bat izateko argi eduki behar dugu gure bizitzan zehar aldaketa ugari egin beharko ditugula gure irakasteko moduan, gure metodo, teknika eta baliabideak egoera eta momentu desberdinetara moldatuz. 

Aurrean aipatutako berrikuntza horiek esparru askotan eman daitezkeela uste dugu, curriculuma osatzen duten puntu nagusietan bereziki: metodologia, ebaluazioa, denbora, edukiak, helburuak, egutegia... Adibidez, irakasleek metodologia aldatu dezakete momentu edo kurtso bakoitzean duten taldeari egokituz. Badakigu aldaketek eragin positiboak edo negatiboak ekar ditzaketela eta horregatik uste dugu jendeak gerta daitekeenari beldurra diola. Hala ere, gure pentsamendu kritikoa garatzen badugu, aldaketa onak eta txarrak bereiztu ahal izango ditugu eta gure ikasleei hobeto datorzkienak aukeratuko ditugu euren ikaskuntza prozesua oztopatu gabe. 

Berrikuntzak hezkuntzan. Sintesia.

Testu hau sakonki aztertu ondoren, oso luzea eta mamitsua denez, azaltzen diren kontzeptu eta ideia nagusiak gainetik aurkeztea erabaki dugu. 

Hezkuntza munduko berrikuntzei buruz mintzatzen da une oro. Irakasle batzuk aldaketa hauen kontrakoak dira edota erresistentzia puntu bat islatzen dute. Ikastetxea aldaketa hauen zentroa izango da, baina helburu hau lortzeko bertako pertsonen inplikazioa behar-beharrezkoa da. Bertan aipatzen denez, berrikuntzak ez dira erreforma legegiletan bakarrik oinarritzen; garrantzi handiagoa dute irakasleen lanak edo zuzendaritzaren antolakuntzak. Hau da, aldaketa hauek ikastetxean bertan eman behar dira, irakasleek sustatu egin behar dituzte, bestela inoiz ez da berrikuntzarik emango hezkuntza arloan. 

sábado, 10 de mayo de 2014

“La educación prohibida”, hausnarketa indibiduala

“La educación prohibida” bideoa ikusi ondoren gogoeta edo hausnarketa moduko bat egitea eskatu zaigu. Beraz, hau ez da laburpen bat, baizik eta nire iritzi eta ideia propioak, bideoan planteatzen diren galderak eta informazioa oinarritzat hartuz.

Denboran zehar ikasketa prozesuak berrikuntza ugari jaso ditu, hau ukaezina da. Ikaste prozesu honen helburua, gidariak, hartzaileak... aldatuz joan egin dira gaur egun ezagutzen dugun egoera lortu den arte. Eta hauxe bera izan behar da geure buruari egin beharreko galdera. Zeinek gidatzen du benetan gure haur eta gazteen heziketa? Zein da prozesu horren helburua? Eta hartzaileak? Denori berdin zuzenduta al dago?

Ez da erraza galdera hauei erantzuten. Batez ere, eta nire ustez, hain galdera sakonak perspektiba handi batekin aztertu behar direlako. Zera hau esan nahi dut: gaur egun erraza da esaten duela urte batzuk Elizak gidatzen zuela hezkuntza eta goi mailakoari zuzenduta zegoela. Baina bizi gareneko momentua aztertzen ez da erraza, momentu honetan murgilduta baikaude, denboraren perspektiba hori falta zaigu.

domingo, 4 de mayo de 2014

Pelikularen gogoeta

Egia da eskolan haurra garatu egiten dela esaten dutela. Hauek beti egon behar dute zerbaiten bila, ezagutzen bila alegia. Gainera, askotan, gauzak gaizki doazenean ikaslearen errua dela esaten dute, baina ez da horrela. Halakoetan hezkuntza sistemaren errua da; sistema horren planteamenduaren errua.

Hezkuntza sisteman dauden aldaketek, haur batzuengan eskola porrota sorrarazten dute. Horregatik, beti esan izan da bi talde sortzen direla ikasleengan: batetik garaileak edo irabazleak daude eta hauek sarituak izaten dira. Gainera, unibertsitatera iristen diren bakarrak izan ohi dira eta gehiago baloratzen dituzte. Bestetik galtzaileak ditugu. Hauek askotan ez dira kontuan hartzen eta beren beharrak ez dira asetzen, irakasleek ez dituzte benetan ikasle hauek ezagutzen. Honek guztiak, ikasle hauek motibatu beharrean, eskolarako gogo eza sorrarazten die eta, askotan, “berriro eskolara?” esanez frustrazio sentimendua da hauengan islatzen dena.

Hori gutxi balitz, irakasleek nahi dutena egiten dutela esan daiteke. Bestalde, ikasleek eskolan denbora gehiegi pasatzen dutela esan izan da eta, arrazoi horrengatik, eskola parketzat hartua izaten da formazio lekutzat hartua izan beharrean. Beraz, eskolak hezkuntza pertsonala garatzeko edo lortzeko balio beharko luke; hots, ikasleek konpetentzia edo gaitasun intelektualak, sozialak, fisikoak, psikikoak, kognitiboak, psikologikoak… garatzeko leku aproposa izan beharko luke, eskola ez litzateke haurrak preso edukiko dituen kartzela moduko bat izan behar.  Arrazoi horrengatik, ikasle guztiak era berdinean kontuan hartu beharko genituzke, frustrazio sentimendu horrekin amaituz. Horrela, etorkizunean, eskola, motibatuak eta gogotsu joango diren leku bat izango da.

domingo, 13 de abril de 2014

Berrikuntza-ren definizioa (aurreiritzietan oinarrituta)

BERRIKUNTZA: Bizitzako edozain esparrutan aldaketa edo gauza berri bat ezartzea. Aldaketa hau ez du zertan ona izan behar, txarra ere izan daiteke.

martes, 11 de marzo de 2014

Zeintzuk dira taldean lan egiteak ekartzen dituen onurak?


Lanak modu askotara egin daitezkeela ikasi dugu bizitzan zehar: bakarkako lanak eta taldekako lanak daudela, alegia. Taldekako lanen barruan ere, lan egiteko modu asko eta asko daude. Horietako bat da gaur egin duguna, talde lana hain zuzen ere. Lan hau egiteko erabili dugun metodoa hauxe izan da: lehenik eta behin, bakoitzak (indibidualki) bere testua irakurri du eta, ondoren, taldeka jarri eta ideiak partekatu ditugu, taldekide bakoitzak aukeratutako esaldi edo paragrafoaren aukeraketaren arrazoia adieraziz.

Hori egin ondoren, gelakide guztien artean bakoitzak aukeratutako esaldi edo paragrafoen arteko sintesia egin dugu. Era horretara, gelakide guztiek izan dute denen iritziak entzun eta partekatzeko aukera paregabea. Hori egitean, bakoitzak bere ideia azaldu duenean, gainerakoen iritzi eta ikuspuntuarekin, adostasun batera iritsi gara, denek dena ulertzeko moduko azalpenak eginez.

Atera testu liburua!


Atera testu liburua!

Jarduera hau egiteko “Atera testu liburua!” irakurgaia irakurri ondoren, taldekide bakoitzak berari erakargarria edo interesgarria iruditu zaion esaldi edo paragrafo bat hautatu du. Ondoren, bakoitzak bere zatia zergatik aukeratu duen arrazoia azaldu du eta, bukatzeko, bi esaldi hauen arteko harremana edo ondorioa topatu dute, bukaeran argi azalduz.

A pesar de la cantidad de recursos que se invierten en la formación del profesorado de todos los niveles educativos, la transcendencia de esa formación a las aulas, en forma de prácticas educativas más motivadoras, impactantes y duraderas, es decepcionante (Cano y Revuelta, 1909)

Egia da irakasleak etengabe formazioa jaso behar dutela, bestela, beren metodoak zaharkituta gelditzen dira. Hala ere, esan beharra dago askotan, nahiz eta aldaketa gauzatzeko behar adina intentzio, diru eta gogo jarri, ezinezkoa izaten dela aurrerapauso edo hobekuntza hori gauzatzea.

lunes, 10 de marzo de 2014

Aurreiritziak

Asko eta asko dira gelako programazioa antolatua izateko zehaztu eta garatu beharko genituzkeen atalak. 

Horietako bat adina izango litzateke. Izan ere, ez da gauza bera lau urteko haurrekin edo bi urteko haurrekin jarduteko antolatzen diren programazioak. Hau da, lau urteko haurrekin burutuko den programazioa bi urtekoekin burutuko dena baino luzeagoa izango da, landuko diren edukiak sakonagoak izango baitira.

Bestetik, egutegia, ordutegia eta denbora ikastetxe bakoitzeko irakasleek zehaztuko dute. Bertan jai egunak, oporrak, eskolako festak, txangoak, gai bakoitzari eskaini beharreko denbora... kontutan hartuko dira.

Lekua ere faktore garrantzitsua da. Normalean, jarduerak espazio zabal batean burutuko dira eta bertan egongo den materiala ere ekintzara egokitua egongo da, baita material horien antolaketa ere.

Helburuei dagokienez, aipatzekoa da adin guztietako haurrentzako berdinak izango direla. Hala ere, hauek lortzeko bete beharreko metodologia haurren adin, ezaugarri eta betebeharrei egokitutakoa izango da.

Esandakoak esanda, eta ezaugarriei erreferentzia eginez, ikasleen egoerari ere begiratu behar zaio. Gerta daiteke autista edo adimen urritasuna duen ikasle batekin edo gehiagorekin aurkitzea. Kasu horretan, irakaslearen eskuhartzea beharrezkoa da. Hori gutxi balitz, adina, egutegia, ordutegia, helburuak... beraien behar eta ezaugarrietara moldatu beharko dira. Kasu larrienetan, betiko irakasleaz gain, beste profesional baten laguntza ezinbestekoa izango da, baita gurasoekiko harremana. 

Honekin batera, edukiak eta hauen ebaluazio irizpideak ere garrantzitsuak direla pentsatzen dugu. Ebaluazio irizpideek asko lagunduko digute haur bakoitzak izan duen ikasketa prozesua aztertzen (jarrera, nola jolasten duen, jostailuak konpartitzen dituen, portaera...). Edukiak, aldiz, batzuk laburragoak eta beste batzuk luzeagoak izango dira. Hau dena, baita edukien mamia ere, kontuan hartuko da gelako programazioa antolatzeko garaian. 

Amaitzeko, ikastetxe mota ere aintzat hartu beharrekoa izango da. Ez da gauza bera ikastetxe publiko edo pribatu batean gelako programazioa antolatzea. Horrekin batera, eskola txikia edo handia izateak ere berebiziko garrantzia du. Izan ere, eskola txikien kasuan, adin aniztasuna egongo da gela barruan. Horrez gain, irakasleak arreta gehiago jarriko du haurrengan, hauek eskola handietan baino urriagoak izango baitira.

martes, 25 de febrero de 2014

Zergatik ematen dira erreformak?

Betidanik egon dira erreformak bizitzako arlo guztietan. Hauen helburua, printzipioz, zerbait berria sortzea edo dagoen zerbaiten hobekuntza ekartzea da. Hala ere, gaurkoan, hezkuntzan eman diren erreformei buruz hitz egingo dugu.

Gure ustez, hasiera batean eman ziren erreformek hobekuntzak ekarri zituzten (Moyano Legea, 1970eko Legea...), hezkuntza sistema normalizatzen lagundu zutelako.

Gaur egun, ordea, egoera oso bestelakoa da. Izan ere, indarrean dagoen alderdiaren arabera, erreformak bata bestearen atzetik datoz inongo zentzurik gabe, bakoitzak bere interesak bilatzen baititu. 

Alderdi desberdinek adostasun puntu bat lortu beharko luketela pentsatzen dugu, herri guztiari mesede egiteko eta ez euren pentsaerari bakarrik. 

Irudien mezua


Argazki honetan erreparatu duguna hau izan da: irakasle lana bokazionala dela eta irakasle denak bere lana atsegin ez badu, ikasleek antzematen dutela. Era horretara, eta irakaslea gustora ez dagoela ikusten denez, ikasleak ere deseroso sentituko dira.

lunes, 24 de febrero de 2014

Dekretuko Galderak

1- Zein da Haur Hezkuntzako Curriculumaren aplikazio eremua?

Dekretu hau aplikagarria izango da Haur Hezkuntzako bi zikloak, zikloetako bat edo lehenengo zikloko zati bat ematen duen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan.

2- Zeintzuk dira Oinarrizko Hezkuntza osatzen dituzten ETAPAK?

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa.

3- Nolakoa da Haur Hezkuntzaren izaera? Hautazkoa al da? 

Borondatezko da. Bai.

4- HH etapak zenbat urte hartzen ditu? Nola banatzen dira?

0-6 urte bitartekoa eta bi ziklotan banatzen da: Lehenengo zikloa (0-3 urte) eta Bigarren Zikloa (3-6 urte).

viernes, 21 de febrero de 2014

Bigarren saioko aurkezpenen sintesia

Saio honetan beste sei taldeek egindako ahozkoen laburpen bat egingo dugu.

Lehenengoari dagokionez, Gerra Zibilaren eta Frankismoaren inguruan hitz egin zuen. Bertan, garai hartako historia eta hezkuntzaren egoera (hezkuntza legeak, irakasleen garbiketa) azaldu zuten. Hori gutxi balitz, garai hartako analfabetismoaren aurkako jarrera ere agerian utzi zuten.

Bigarren taldeak, aldiz, demokrazia garaiko zazpi legeei buruzko azalpena eman zuen. LGE, LOECE, LODE, LOGSE... ziren lege hauetako batzuk, non ekarpen garrantzitsuena hauxe izan zen: derrigorrezko hezkuntza 12 urtetatik 16 urtetara luzatzea.

"Hezkuntzak ez du mundua aldatuko baina mundua alda dezaketen pertsonak formatuko ditu"

Esaldi hau izan zen Paulo Freire (XX. mendea) brasildarraren esaldi ezagunenetariko bat. Honek, alfabetatzeko metodoaz gain, Hezkuntza Popularra sortu zuen. Gainera, pedagogia kritikoaren hainbat ekarpen ere egin zituen: baliagarria izan behar zuen, baita praktikoa eta kolektiboa ere.

Goiko esaldi honi jarraiki zera esan dezakegu: egia da gizabanakoaren bizitzan hezkuntzak berebiziko garrantzia duela, hau baita gizakia gizaki bihurtzeko tresna nagusia. Halaber, aipatzekoa da hezkuntzak hainbat aldaketa jasan dituela, baina, aldaketa hauek alde batera utziz, esan beharra dago hezkuntzak ez duela inoiz munduan aldaketarik sortu. 

Zergatik uste dugu hezkuntzak ez duela inoiz mundua aldatu? Pertsonei zuzenean eragiten dielako eta ez bere inguruneari. Hori gutxi balitz, pertsona bakoitzak jasotzen duen hezkuntzaren edo hezkiketaren arabera, norbera izango da mundua ikuspuntu batetik edo bestetik ikusiko duena. Hori horrela, honako hau izan da ondorioztatu duguna: hezkuntzak munduaren aldaketan edo garapenean eragiten duela, betiere pertsonen bitartez.

martes, 11 de febrero de 2014

Hezkuntza sistema II. Errepublikan (1931 - 1939)

Aurreko asteko saioan, ahozko aurkezpen batzuk egin behar izan genituen eta honakoa izan zen egokitu zitzaigun gaia:

Hezkuntza sistema II. Errepublikan (1931 - 1939)

Bigarren errepublikan, haurtzarotik aurrera, eskola leku egokia zen baloreak trasmititzeko eta sentimendu politikoa garatzeko.

Bestalde, bigarren errepublika garaian, “El proyecto Luzuriaga” sortu zen eta honako ezaugarri hauek aldarrikatu zituen: batetik hezkuntza publikoa estatuaren esku zegoen. Horrez gain, hezkuntza publikoa laikoa edo extrakonfesionala zen; hau da, ez zuen erlijio zehatz baten alde egiten. Era berean, proiektu honek zihoen hezkuntza pribatua emango zela bigarren errepublikan, beti ere helburu politikoa eta konfesio partidistarik egon ezean.

Hori gutxi balitz, hezkuntza publikoa doakoa izango zen eta, gainera, jarrera aktiboa, sormenezkoa eta soziala edukiko zuen.

jueves, 6 de febrero de 2014

Lehenengo saioko aurkezpenen sintesia

Saio honetan, talde desberdinei esker, hezkuntza eta bere testuinguruaren garapena ikusi dugu, XVI. mendetik Espainiako II. Errepublika amaitu zen arte, 1939an.

XVI - XVIII. mendeen bitartean, lehenengo taldeari esker ikusi genuen hezkuntza nobleziari zuzenduta zegoela. XIX. mendean, aldiz, Moyano Legeari esker, hezkuntza hiritar guztiengana iritsi zen, derrigorrezkoa eta doakoa izango zen hezkuntza sistema bakarra sortuz, hau da, lehen hezkuntza. Hauxe izan zen, gutxi gora behera, bigarren taldeak azaldutakoa.

Hirugarren taldeak bi errepubliken arteko garaia azaldu zuen, non erreforma eta aldaketa ugari eman ziren. Honekin jarraituz, laugarren taldeak II. Errepublikan izandako gorabeherak azaldu zituen. Azkenik, guk geuk, bosgarren taldeak hain zuzen ere, hezkuntzak II. Errepublikan izandako aldaketak eta garapena aztertu genituen, Euskal Hezkuntza Sistemaren azalpenarekin bukatuz.

Azkenik, esan beharra dago, aurkezpenak, orokorrean, txukun atera zirela. Power-pointei dagokienez, denak nahiko argiak izan ziren, azalpenak jarraitzeko lagungarri, bai aurkezlearentzat, bai entzuleentzat.

Denok dakigu aurkezpenak hobetu zitezkeela, beti ere datu zaparradak saihestuz. Bestalde, azalpenak ematerako orduan jendeari gehiago begiratu beharko genioke paperari edo power-pointari begiratu beharrean.

viernes, 31 de enero de 2014

Dekretu currikularra

Jakina denez, ikastetxe guztiak desberdinak dira beraien artean. Dekretu honetan irakurri duguna kontuan hartuta, aipatzekoa da currikulum orokor bat dagoela, baina guztiz beharrezkoa da ikastetxe bakoitzaren behar eta egoera sozio-ekonomiko eta kulturalera egokitzea. Gainera, garrantzitsua da jakitea currikulum-proiektuan alderdi hauek finkatzen direla: gaitasunak, helburuak, edukiak, ebaluazio irizpideak, hezkuntza-orientazioa garatzeko irizpideak, pedagogia irizpideak eta irizpide didaktikoak.

Currikulumean murgildu ondoren, dekretu honetan aipatzen diren artikulu garrantzitsuenetan zentratu gara, eta hauek iruditu zaizkigu aipagarrienak:

Dekretuaren helburuari dagokionez, EAEko Haur Hezkuntzako berezko currikuluma ezartzea izango da. Honekin batera, eta antolamenduari dagokionez, Haur Hezkuntza borondatezkoa izango da eta sei urteko iraupena izango du, bi ziklotan banatuz: bata 0-3 urteren bitartean (lehenengo zikloa) eta, bestea, 3-6 bitartean (bigarren zikloa). 

jueves, 30 de enero de 2014

Curriculum formala eta ezkutua

Ikasgai honetan curriculum formala eta ezkutua izan dira landu ditugun bi curriculum mota garrantzitsuenak. Gainera, horien artean desberdintasun handia dagoela ziurtatu dugu.

Curriculum formala maila idatzian agertzen dena izango litzateke. Bertan, edukiak, helburuak, programazioa, ordutegia, ebaluazio irizpideak... agertzen dira., era jaso batean. 

Curriculum ezkutua, ordea, jarrera eta baloreekin lotuta dago, bai positibo, bai negatiboki. Ideien, aurreiritzien, esperientzien... multzo bat da. Hauek, askotan, nahi gabe transmititzen dizkiegu haurrei (balioak). Normalean haurren izaerarekin erlazionatzen da.

Adibidez: 3 urteko haur batek psikomotrizitateko gelan oreka landu behar duela curriculum formala izango litzateke. Haurrak lokarriak lotzen elkar laguntzea, aldiz, curriculum ezkutua. 

miércoles, 29 de enero de 2014

Curriculumaren inguruko hausnarketa

Curriculuma testuinguru desberdinetan ematen da, hala nola, hezkuntza munduan, lanpostuen arloan... Baina, gaurkoan, hezkuntza munduarekin loturiko curriculumean murgilduko gara. 

Egia da curriculum hitzak berez hezkuntza munduan lantzen diren hainbat kontzepturekin lotura estua duela. Hasiera batean, pentsa daiteke edukiei soilik egiten diola erreferentzia. Halaber, beste hainbat kontzeptuz osaturik dago: helburuak, metodologia, ordutegia, ebaluaketa, antolaketa, tutoretza...

Baina denontzat berdina al da? Bada, ez. Izan ere, etengabeko egokitzapen batean gaude eta, aldaketa horiek egin ostean, badira kontuan hartu beharreko hainbat faktore: beharrak eta gaitasunak. Behar eta gaitasun hauek ezberdinak dira haur bakoitzeko. Hori dela eta, horietara egokitu beharko genuke curriculuma. Demagun irakasle batek ikasleei ipuin bat kontatzeko asmoa duela, baina gelara sartu bezain pronto haurrak aztoratuta daudela ohartzen dela. Egoera horretan, haurrek arreta mantenduko ez dutela konturatzen da. Hortaz, estrategia desberdinak erabili behar dituela ondorioztatzen du.

Azkenik, aipatzekoa da aldatu beharko ez genukeen faktore bat ere badugula: helburua. Nahiz eta haur batek curriculumak finkatutako helburu bat lortzeko arazoak izan, irakasleak hainbat estrategia erabili ditzake ume honek helburu hori bereganatzeko. Esaterako, gelakide batek eman diezaioke azalpena. Era horretara, ariketa adierazten dionak satisfazioa lortuko du eta benetan ikasi duela erakutsiko du, beste haurrak ere ulertzen duen bitartean. 

Non daude nire gailetak?

Hasieran ipuin arrunta zirudien arren, gerora irakaskuntza-ikaskuntza prozesuarekin erlazio estua zuela ikusi genuen. Arratoi bakoitzak irakasle ezberdin baten papera irudikatzen zuen. Maxik metodologia berriztagarrien alde egin zuen, bidean pixkanaka garapena sustatuz. Javik, ordea, metodologia berriztagarrien aurkako jarrera erakutsi zuen. Honekin guztiarekin ondoriozta daitekeena zera da: berez ditugun ezagutzak gehiago landu eta indartzeko beldurra alde batera utzi eta erabateko formakuntza jaso behar dugula, horrela urrunago iritsiko baikara. 

Aurkezpena

Kaixo! Gu Myriam, Andrea, Ane eta June gara, Donostiako Unibertsitateko Haur Hezkuntzako lau ikasle. 

Blog hau irekitzearen arrazoia hauxe bera da: guk geuk didaktikan landutako kontzeptuak denon ezagutzetara iristea. Hortaz, lantzen ditugun gaien sintesi edo hausnarketa modukoak egingo ditugu denontzat ikusgai izan daitezen.

Bertan landuko diren gaiak askotarikoak izango dira, eta espero dugu Ikusi Makusi deituriko blog hau denontzat lagungarri suertatzea, baita guretzat ere

Edozein zalantza izanez gero, badakizue nora jo, bertan egongo baikara!