Asko eta asko dira gelako programazioa antolatua izateko zehaztu eta garatu beharko genituzkeen atalak.
Horietako bat adina izango litzateke. Izan ere, ez da gauza bera lau urteko haurrekin edo bi urteko haurrekin jarduteko antolatzen diren programazioak. Hau da, lau urteko haurrekin burutuko den programazioa bi urtekoekin burutuko dena baino luzeagoa izango da, landuko diren edukiak sakonagoak izango baitira.
Bestetik, egutegia, ordutegia eta denbora ikastetxe bakoitzeko irakasleek zehaztuko dute. Bertan jai egunak, oporrak, eskolako festak, txangoak, gai bakoitzari eskaini beharreko denbora... kontutan hartuko dira.
Lekua ere faktore garrantzitsua da. Normalean, jarduerak espazio zabal batean burutuko dira eta bertan egongo den materiala ere ekintzara egokitua egongo da, baita material horien antolaketa ere.
Helburuei dagokienez, aipatzekoa da adin guztietako haurrentzako berdinak izango direla. Hala ere, hauek lortzeko bete beharreko metodologia haurren adin, ezaugarri eta betebeharrei egokitutakoa izango da.
Esandakoak esanda, eta ezaugarriei erreferentzia eginez, ikasleen egoerari ere begiratu behar zaio. Gerta daiteke autista edo adimen urritasuna duen ikasle batekin edo gehiagorekin aurkitzea. Kasu horretan, irakaslearen eskuhartzea beharrezkoa da. Hori gutxi balitz, adina, egutegia, ordutegia, helburuak... beraien behar eta ezaugarrietara moldatu beharko dira. Kasu larrienetan, betiko irakasleaz gain, beste profesional baten laguntza ezinbestekoa izango da, baita gurasoekiko harremana.
Honekin batera, edukiak eta hauen ebaluazio irizpideak ere garrantzitsuak direla pentsatzen dugu. Ebaluazio irizpideek asko lagunduko digute haur bakoitzak izan duen ikasketa prozesua aztertzen (jarrera, nola jolasten duen, jostailuak konpartitzen dituen, portaera...). Edukiak, aldiz, batzuk laburragoak eta beste batzuk luzeagoak izango dira. Hau dena, baita edukien mamia ere, kontuan hartuko da gelako programazioa antolatzeko garaian.
Amaitzeko, ikastetxe mota ere aintzat hartu beharrekoa izango da. Ez da gauza bera ikastetxe publiko edo pribatu batean gelako programazioa antolatzea. Horrekin batera, eskola txikia edo handia izateak ere berebiziko garrantzia du. Izan ere, eskola txikien kasuan, adin aniztasuna egongo da gela barruan. Horrez gain, irakasleak arreta gehiago jarriko du haurrengan, hauek eskola handietan baino urriagoak izango baitira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario