Esaldi hau izan zen Paulo Freire (XX. mendea) brasildarraren esaldi ezagunenetariko bat. Honek, alfabetatzeko metodoaz gain, Hezkuntza Popularra sortu zuen. Gainera, pedagogia kritikoaren hainbat ekarpen ere egin zituen: baliagarria izan behar zuen, baita praktikoa eta kolektiboa ere.
Goiko esaldi honi jarraiki zera esan dezakegu: egia da gizabanakoaren bizitzan hezkuntzak berebiziko garrantzia duela, hau baita gizakia gizaki bihurtzeko tresna nagusia. Halaber, aipatzekoa da hezkuntzak hainbat aldaketa jasan dituela, baina, aldaketa hauek alde batera utziz, esan beharra dago hezkuntzak ez duela inoiz munduan aldaketarik sortu.
Zergatik uste dugu hezkuntzak ez duela inoiz mundua aldatu? Pertsonei zuzenean eragiten dielako eta ez bere inguruneari. Hori gutxi balitz, pertsona bakoitzak jasotzen duen hezkuntzaren edo hezkiketaren arabera, norbera izango da mundua ikuspuntu batetik edo bestetik ikusiko duena. Hori horrela, honako hau izan da ondorioztatu duguna: hezkuntzak munduaren aldaketan edo garapenean eragiten duela, betiere pertsonen bitartez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario