sábado, 10 de mayo de 2014

“La educación prohibida”, hausnarketa indibiduala

“La educación prohibida” bideoa ikusi ondoren gogoeta edo hausnarketa moduko bat egitea eskatu zaigu. Beraz, hau ez da laburpen bat, baizik eta nire iritzi eta ideia propioak, bideoan planteatzen diren galderak eta informazioa oinarritzat hartuz.

Denboran zehar ikasketa prozesuak berrikuntza ugari jaso ditu, hau ukaezina da. Ikaste prozesu honen helburua, gidariak, hartzaileak... aldatuz joan egin dira gaur egun ezagutzen dugun egoera lortu den arte. Eta hauxe bera izan behar da geure buruari egin beharreko galdera. Zeinek gidatzen du benetan gure haur eta gazteen heziketa? Zein da prozesu horren helburua? Eta hartzaileak? Denori berdin zuzenduta al dago?

Ez da erraza galdera hauei erantzuten. Batez ere, eta nire ustez, hain galdera sakonak perspektiba handi batekin aztertu behar direlako. Zera hau esan nahi dut: gaur egun erraza da esaten duela urte batzuk Elizak gidatzen zuela hezkuntza eta goi mailakoari zuzenduta zegoela. Baina bizi gareneko momentua aztertzen ez da erraza, momentu honetan murgilduta baikaude, denboraren perspektiba hori falta zaigu.


Teorikoki, Estatu mailan erabakitzen dira eskola guztietan irakatsiko diren kontzeptu, eduki eta konpetentziak, Autonomia mailan konkretatuz. Hau egia izan daiteke, ez dut ukatzen, hurrengo puntua baita garrantzitsuena: helburua edo funtsa. Zein intentziorekin irakasten da? Teorikoki berriro ere honako hau esango genuke: haur eta gazteek kontzeptu edo ideia batzuk jaso behar dituztelako euren ingurunea ezagutzeko, bertan moldatzeko, jakinmina pizteko, lankidetza sortzeko, euren kabuz pentsatzeko, erabakitzeko, beraien burua eraikitzeko... Egia al da hau guztia? Nire ustez, ez. Gaur egungo egoeran Gobernuari ez zaio interesatzen bere kabuz pentsatzeko gai den jendea. “Ardiak” edukitzea erosoagoa da, lan egingo dutenak euren buruari galderarik egin gabe. Galderak egiten badituzte, gauza txarretaz ohartu daitezke eta, ondorioz, kexatu.

Benetako helburua hau izango balitz (jakinmina, pentsamendu librea), nire ustez, aspaldiko partez ezarrita egon beharko luke hezkuntza sistema egoki bat. Gobernua aldatzen den bakoitzean berrikuntzak ezartzen dira helburu teoriko hori bilatuz (hala esaten da behintzat), baina helburu hori ezin da lortu behin eta berriro aldaketak baldin badaude. Heziketak oinarri finko bat behar du, ez lau urtero alde batetik bestera doan oinarria. Izan ere, berrikuntza terminoak ez ditu beti aldaketa positiboak ekartzen.

Aldaketa guzti hauek kaltegarriak izan daitezke ongi egiten ez badira. Baina zer da “ongi” egoera honetan? Argi dago ezinezkoa dela mundu guztiari gustatuko zaion zerbait ezarri edo sortzea, baina zeozer gaizki dabil lurralde osoa kalean kexaka baldin badago. Hori da, nire ustez, arazo nagusienetako bat: zentzu gabeko aldaketek ziurtasun eza sortzen dute ikasleengan eta hauek beharrezkoa duten motibazioa galdu egiten dute ikasketa prozesuan zehar. Nola ez dute ba galduko ia kurtso bakoitzean aurrekoan ikusitakoa hankaz gora jartzen bada?

Beraz, ikasketak gogotsuz jarraitzeko, gure barnean berez daramagun jakinmina ez itzaltzeko behar dugun lehenengo gauza hurrengo hau da: ziurtasuna eta konfiantza.

Konfiantza hori eraikiko duten pertsonak irakasleak dira. Pertsona hauek bere lana maite behar dute, irakastearen garrantzia ulertu behar dute. Nola transmitituko dituzte haurrek behar dituzten balore eta kontzeptuak? Nola motibatuko dituzte berauek motibaturik ez badaude? Galdera ergelak dirudite, logika eta zentzuz beterikoak, baina errealitatea ez da horrelakoa, nire ustez behintzat. Zenbat ikasle daude “ez dakit zer ikasi, magisteritza egingo dut, erraza dela” esaten dutenak? Pentsatzeko modu hori aldatu egin behar da. Irakaskuntza pertsonek bideratzen dute (edo bideratu beharko lukete), eta pertsona horiek benetan prestatuta eta gogotsu ez baldin badaude, hamaika berrikuntzek ez dute hezkuntza prozesuaren garapenarik lortuko.

Beraz, pertsona horien formakuntzan zuzenean eragin beharko litzatekeela uste dut. Hori izango litzateke berrikuntza eraginkor bat. Berrikuntza bat non hezkuntzaren oinarritik hobekuntzak sortzen diren, irakasleen prestakuntzan. Zeren eta, ez dezagun ukatu, magisteritza ez da karrera zaila. Eta karrera horretatik irtengo diren pertsonak etorkizuneko haurren heziketa izango dute euren esku. Ez al lukete prestakuntza indartsuago bat jaso beharko? Eta ez ikasketa urteetan zehar bakarrik, baizik eta euren lan urteetan ere, formakuntza kurtsoak, metodo berrien ikasketak, inspekzioak euren lana zuzen egiten al duten ikusteko...

Laburbulduz, berrikuntzak konfiantza eta pentsamendu librea garatzeko erabili beharko lirateke, heziketa prozesua bere oinarri sakonenetik moldatuz. Era honetan, pertsona bakoitza askea izango da bere erabaki propioak hartu ahal izateko. Baina badirudi “goikoak” bere interes propioetan zentratuegiak daudela.


June Bergés de Orbe, GA1

1 comentario:

  1. Oso ondo June. Sakon, informazioa zurea eginez, ondo landuz.

    Animo lauroi,

    BEGOÑA

    ResponderEliminar