“La educación
prohibida” bideoa ikusi ondoren gogoeta edo hausnarketa moduko bat
egitea eskatu zaigu. Beraz, hau ez da laburpen bat, baizik eta nire
iritzi eta ideia propioak, bideoan planteatzen diren galderak eta
informazioa oinarritzat hartuz.
Denboran zehar
ikasketa prozesuak berrikuntza ugari jaso ditu, hau ukaezina da.
Ikaste prozesu honen helburua, gidariak, hartzaileak... aldatuz joan
egin dira gaur egun ezagutzen dugun egoera lortu den arte. Eta hauxe
bera izan behar da geure buruari egin beharreko galdera. Zeinek
gidatzen du benetan gure haur eta gazteen heziketa? Zein da prozesu
horren helburua? Eta hartzaileak? Denori berdin zuzenduta al dago?
Ez da erraza
galdera hauei erantzuten. Batez ere, eta nire ustez, hain galdera
sakonak perspektiba handi batekin aztertu behar direlako. Zera hau
esan nahi dut: gaur egun erraza da esaten duela urte batzuk Elizak
gidatzen zuela hezkuntza eta goi mailakoari zuzenduta zegoela. Baina
bizi gareneko momentua aztertzen ez da erraza, momentu honetan
murgilduta baikaude, denboraren perspektiba hori falta zaigu.
Teorikoki,
Estatu mailan erabakitzen dira eskola guztietan irakatsiko diren
kontzeptu, eduki eta konpetentziak, Autonomia mailan konkretatuz. Hau
egia izan daiteke, ez dut ukatzen, hurrengo puntua baita
garrantzitsuena: helburua edo funtsa. Zein intentziorekin irakasten
da? Teorikoki berriro ere honako hau esango genuke: haur eta gazteek
kontzeptu edo ideia batzuk jaso behar dituztelako euren ingurunea
ezagutzeko, bertan moldatzeko, jakinmina pizteko, lankidetza
sortzeko, euren kabuz pentsatzeko, erabakitzeko, beraien burua
eraikitzeko... Egia al da hau guztia? Nire ustez, ez. Gaur egungo
egoeran Gobernuari ez zaio interesatzen bere kabuz pentsatzeko gai
den jendea. “Ardiak” edukitzea erosoagoa da, lan egingo dutenak
euren buruari galderarik egin gabe. Galderak egiten badituzte, gauza
txarretaz ohartu daitezke eta, ondorioz, kexatu.
Benetako
helburua hau izango balitz (jakinmina, pentsamendu librea), nire
ustez, aspaldiko partez ezarrita egon beharko luke hezkuntza sistema
egoki bat. Gobernua aldatzen den bakoitzean berrikuntzak ezartzen
dira helburu teoriko hori bilatuz (hala esaten da behintzat), baina
helburu hori ezin da lortu behin eta berriro aldaketak baldin
badaude. Heziketak oinarri finko bat behar du, ez lau urtero alde
batetik bestera doan oinarria. Izan ere, berrikuntza terminoak ez
ditu beti aldaketa positiboak ekartzen.
Aldaketa guzti
hauek kaltegarriak izan daitezke ongi egiten ez badira. Baina zer da
“ongi” egoera honetan? Argi dago ezinezkoa dela mundu guztiari
gustatuko zaion zerbait ezarri edo sortzea, baina zeozer gaizki dabil
lurralde osoa kalean kexaka baldin badago. Hori da, nire ustez, arazo
nagusienetako bat: zentzu gabeko aldaketek ziurtasun eza sortzen dute
ikasleengan eta hauek beharrezkoa duten motibazioa galdu egiten dute
ikasketa prozesuan zehar. Nola ez dute ba galduko ia kurtso
bakoitzean aurrekoan ikusitakoa hankaz gora jartzen bada?
Beraz,
ikasketak gogotsuz jarraitzeko, gure barnean berez daramagun
jakinmina ez itzaltzeko behar dugun lehenengo gauza hurrengo hau da:
ziurtasuna eta konfiantza.
Konfiantza hori
eraikiko duten pertsonak irakasleak dira. Pertsona hauek bere lana
maite behar dute, irakastearen garrantzia ulertu behar dute. Nola
transmitituko dituzte haurrek behar dituzten balore eta kontzeptuak?
Nola motibatuko dituzte berauek motibaturik ez badaude? Galdera
ergelak dirudite, logika eta zentzuz beterikoak, baina errealitatea
ez da horrelakoa, nire ustez behintzat. Zenbat ikasle daude “ez
dakit zer ikasi, magisteritza egingo dut, erraza dela” esaten
dutenak? Pentsatzeko modu hori aldatu egin behar da. Irakaskuntza
pertsonek bideratzen dute (edo bideratu beharko lukete), eta pertsona
horiek benetan prestatuta eta gogotsu ez baldin badaude, hamaika
berrikuntzek ez dute hezkuntza prozesuaren garapenarik lortuko.
Beraz, pertsona
horien formakuntzan zuzenean eragin beharko litzatekeela uste dut.
Hori izango litzateke berrikuntza eraginkor bat. Berrikuntza bat non
hezkuntzaren oinarritik hobekuntzak sortzen diren, irakasleen
prestakuntzan. Zeren eta, ez dezagun ukatu, magisteritza ez da
karrera zaila. Eta karrera horretatik irtengo diren pertsonak
etorkizuneko haurren heziketa izango dute euren esku. Ez al lukete
prestakuntza indartsuago bat jaso beharko? Eta ez ikasketa urteetan
zehar bakarrik, baizik eta euren lan urteetan ere, formakuntza
kurtsoak, metodo berrien ikasketak, inspekzioak euren lana zuzen
egiten al duten ikusteko...
Laburbulduz,
berrikuntzak konfiantza eta pentsamendu librea garatzeko erabili
beharko lirateke, heziketa prozesua bere oinarri sakonenetik
moldatuz. Era honetan, pertsona bakoitza askea izango da bere erabaki
propioak hartu ahal izateko. Baina badirudi “goikoak” bere
interes propioetan zentratuegiak daudela.
June Bergés de
Orbe, GA1
Oso ondo June. Sakon, informazioa zurea eginez, ondo landuz.
ResponderEliminarAnimo lauroi,
BEGOÑA