Jakina denez, ikastetxe guztiak desberdinak dira beraien artean. Dekretu honetan irakurri duguna kontuan hartuta, aipatzekoa da currikulum orokor bat dagoela, baina guztiz beharrezkoa da ikastetxe bakoitzaren behar eta egoera sozio-ekonomiko eta kulturalera egokitzea. Gainera, garrantzitsua da jakitea currikulum-proiektuan alderdi hauek finkatzen direla: gaitasunak, helburuak, edukiak, ebaluazio irizpideak, hezkuntza-orientazioa garatzeko irizpideak, pedagogia irizpideak eta irizpide didaktikoak.
Currikulumean murgildu ondoren, dekretu honetan aipatzen diren artikulu garrantzitsuenetan zentratu gara, eta hauek iruditu zaizkigu aipagarrienak:
Dekretuaren helburuari dagokionez, EAEko Haur Hezkuntzako berezko currikuluma ezartzea izango da. Honekin batera, eta antolamenduari dagokionez, Haur Hezkuntza borondatezkoa izango da eta sei urteko iraupena izango du, bi ziklotan banatuz: bata 0-3 urteren bitartean (lehenengo zikloa) eta, bestea, 3-6 bitartean (bigarren zikloa).
Horrez gain, haurren garapen fisiko, intelektual, afektibo eta soziala lortzea ere dekretuaren xedeetako bat izango da, familiarekin lankidetzan arituz. Gainera, bi zikloetan hainbat gai landuko dira, beti ere zentzumen-hezkuntzari lehentasuna emanez.
Desberdintasunak dituztenei ere arreta eskeini behar zaie, bereizketarik egin gabe. Hori gutxi balitz, elebitasuna bermatzeko baldintza egokiak sustatu eta bultzatu behar dira, euskara eta gaztelania baitira EAEko bi hizkuntza ofizialak. Bi hizkuntzetan idazten eta irakurtzen ere ikasi behar dute, eta atzerriko hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko indartze neurriak emango zaizkie bigarren ziklotik aurrera. Hala ere, euskara da nagusi. Izan ere, hizkuntza ofizial horren ezagutza urriagoa da dekretu honetan jasotako helburuetarako.
Haur Hezkuntzako gaitasunen inguruan ere zera esan daiteke: hainbat eta hainbat dira Haur Hezkuntzako ikasleek lortu beharreko gaitasunak eta, gainera, hezkuntza etapa guztietan berdinak dira (arduraz bizitzen ikastea, pertsona gisa garatzen ikastea, komunikatzen ikastea...). Autonomia garatzea ere ezinbestekoa da, baita haurrek bere buruarekiko irudi positiboa lortzea edo eskuratzea.
Ebaluazioari dagokionez, orokorra, jarraitua eta prestakuntzakoa izan behar du. Bertan, haurrek gaitasunak eskuratu dituzten hala ez ebaluatuko da. Horrez gain, familiek beraien seme-alaben ikaskuntza-prozesuari buruzko informazioa jasoko dute hiru hilabetero. Behar berezirik izan ezean, haur guztiak Lehen Hezkuntzara igaroko dira.
Esparruaren arloan, hiru esperientzia-eremu bereizten dira: norberaren ezagutza eta autonomia pertsonala, ingurunearen ezagutza eta hizkuntzak, hau da, komunikazioa eta adierazpena. Edukiak haurrentzat interesa duten jardueren bidez gauzatuko dira.
Era berean, currikulumean lantzen den beste puntu garrantzitsuetako bat ordutegia da. Haurrek ezin dute zortzi ordu baina gehiagoz eskolan egon, ezta haurtzaindegian daudenak ere. Garrantzitsua da jarduera ezberdinak antolatzea, beti ere erritmo desberdinetakoak. Haatik, aipatzekoa da haurrek egokitze-aldi bat ere jasango dutela, pixkanaka eskolara ohitzeko. Horretarako, kontuan izango da haur bakoitzaren hasierako egoera, baita esperientziak ere.
Talde bakoitzak tutore bat izango du eta tutore hori izango da haurrekin, familiekin eta profesionalekin harreman estuak mantenduko dituena.
Bukatzeko, helburu gehigarriei buruz, erlijioa adibidez, familia bakoitza izango da bere seme-alabek ikasgai hori emango duten ala ez erabakiko duena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario