martes, 25 de febrero de 2014

Zergatik ematen dira erreformak?

Betidanik egon dira erreformak bizitzako arlo guztietan. Hauen helburua, printzipioz, zerbait berria sortzea edo dagoen zerbaiten hobekuntza ekartzea da. Hala ere, gaurkoan, hezkuntzan eman diren erreformei buruz hitz egingo dugu.

Gure ustez, hasiera batean eman ziren erreformek hobekuntzak ekarri zituzten (Moyano Legea, 1970eko Legea...), hezkuntza sistema normalizatzen lagundu zutelako.

Gaur egun, ordea, egoera oso bestelakoa da. Izan ere, indarrean dagoen alderdiaren arabera, erreformak bata bestearen atzetik datoz inongo zentzurik gabe, bakoitzak bere interesak bilatzen baititu. 

Alderdi desberdinek adostasun puntu bat lortu beharko luketela pentsatzen dugu, herri guztiari mesede egiteko eta ez euren pentsaerari bakarrik. 

Irudien mezua


Argazki honetan erreparatu duguna hau izan da: irakasle lana bokazionala dela eta irakasle denak bere lana atsegin ez badu, ikasleek antzematen dutela. Era horretara, eta irakaslea gustora ez dagoela ikusten denez, ikasleak ere deseroso sentituko dira.

lunes, 24 de febrero de 2014

Dekretuko Galderak

1- Zein da Haur Hezkuntzako Curriculumaren aplikazio eremua?

Dekretu hau aplikagarria izango da Haur Hezkuntzako bi zikloak, zikloetako bat edo lehenengo zikloko zati bat ematen duen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan.

2- Zeintzuk dira Oinarrizko Hezkuntza osatzen dituzten ETAPAK?

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa.

3- Nolakoa da Haur Hezkuntzaren izaera? Hautazkoa al da? 

Borondatezko da. Bai.

4- HH etapak zenbat urte hartzen ditu? Nola banatzen dira?

0-6 urte bitartekoa eta bi ziklotan banatzen da: Lehenengo zikloa (0-3 urte) eta Bigarren Zikloa (3-6 urte).

viernes, 21 de febrero de 2014

Bigarren saioko aurkezpenen sintesia

Saio honetan beste sei taldeek egindako ahozkoen laburpen bat egingo dugu.

Lehenengoari dagokionez, Gerra Zibilaren eta Frankismoaren inguruan hitz egin zuen. Bertan, garai hartako historia eta hezkuntzaren egoera (hezkuntza legeak, irakasleen garbiketa) azaldu zuten. Hori gutxi balitz, garai hartako analfabetismoaren aurkako jarrera ere agerian utzi zuten.

Bigarren taldeak, aldiz, demokrazia garaiko zazpi legeei buruzko azalpena eman zuen. LGE, LOECE, LODE, LOGSE... ziren lege hauetako batzuk, non ekarpen garrantzitsuena hauxe izan zen: derrigorrezko hezkuntza 12 urtetatik 16 urtetara luzatzea.

"Hezkuntzak ez du mundua aldatuko baina mundua alda dezaketen pertsonak formatuko ditu"

Esaldi hau izan zen Paulo Freire (XX. mendea) brasildarraren esaldi ezagunenetariko bat. Honek, alfabetatzeko metodoaz gain, Hezkuntza Popularra sortu zuen. Gainera, pedagogia kritikoaren hainbat ekarpen ere egin zituen: baliagarria izan behar zuen, baita praktikoa eta kolektiboa ere.

Goiko esaldi honi jarraiki zera esan dezakegu: egia da gizabanakoaren bizitzan hezkuntzak berebiziko garrantzia duela, hau baita gizakia gizaki bihurtzeko tresna nagusia. Halaber, aipatzekoa da hezkuntzak hainbat aldaketa jasan dituela, baina, aldaketa hauek alde batera utziz, esan beharra dago hezkuntzak ez duela inoiz munduan aldaketarik sortu. 

Zergatik uste dugu hezkuntzak ez duela inoiz mundua aldatu? Pertsonei zuzenean eragiten dielako eta ez bere inguruneari. Hori gutxi balitz, pertsona bakoitzak jasotzen duen hezkuntzaren edo hezkiketaren arabera, norbera izango da mundua ikuspuntu batetik edo bestetik ikusiko duena. Hori horrela, honako hau izan da ondorioztatu duguna: hezkuntzak munduaren aldaketan edo garapenean eragiten duela, betiere pertsonen bitartez.

martes, 11 de febrero de 2014

Hezkuntza sistema II. Errepublikan (1931 - 1939)

Aurreko asteko saioan, ahozko aurkezpen batzuk egin behar izan genituen eta honakoa izan zen egokitu zitzaigun gaia:

Hezkuntza sistema II. Errepublikan (1931 - 1939)

Bigarren errepublikan, haurtzarotik aurrera, eskola leku egokia zen baloreak trasmititzeko eta sentimendu politikoa garatzeko.

Bestalde, bigarren errepublika garaian, “El proyecto Luzuriaga” sortu zen eta honako ezaugarri hauek aldarrikatu zituen: batetik hezkuntza publikoa estatuaren esku zegoen. Horrez gain, hezkuntza publikoa laikoa edo extrakonfesionala zen; hau da, ez zuen erlijio zehatz baten alde egiten. Era berean, proiektu honek zihoen hezkuntza pribatua emango zela bigarren errepublikan, beti ere helburu politikoa eta konfesio partidistarik egon ezean.

Hori gutxi balitz, hezkuntza publikoa doakoa izango zen eta, gainera, jarrera aktiboa, sormenezkoa eta soziala edukiko zuen.

jueves, 6 de febrero de 2014

Lehenengo saioko aurkezpenen sintesia

Saio honetan, talde desberdinei esker, hezkuntza eta bere testuinguruaren garapena ikusi dugu, XVI. mendetik Espainiako II. Errepublika amaitu zen arte, 1939an.

XVI - XVIII. mendeen bitartean, lehenengo taldeari esker ikusi genuen hezkuntza nobleziari zuzenduta zegoela. XIX. mendean, aldiz, Moyano Legeari esker, hezkuntza hiritar guztiengana iritsi zen, derrigorrezkoa eta doakoa izango zen hezkuntza sistema bakarra sortuz, hau da, lehen hezkuntza. Hauxe izan zen, gutxi gora behera, bigarren taldeak azaldutakoa.

Hirugarren taldeak bi errepubliken arteko garaia azaldu zuen, non erreforma eta aldaketa ugari eman ziren. Honekin jarraituz, laugarren taldeak II. Errepublikan izandako gorabeherak azaldu zituen. Azkenik, guk geuk, bosgarren taldeak hain zuzen ere, hezkuntzak II. Errepublikan izandako aldaketak eta garapena aztertu genituen, Euskal Hezkuntza Sistemaren azalpenarekin bukatuz.

Azkenik, esan beharra dago, aurkezpenak, orokorrean, txukun atera zirela. Power-pointei dagokienez, denak nahiko argiak izan ziren, azalpenak jarraitzeko lagungarri, bai aurkezlearentzat, bai entzuleentzat.

Denok dakigu aurkezpenak hobetu zitezkeela, beti ere datu zaparradak saihestuz. Bestalde, azalpenak ematerako orduan jendeari gehiago begiratu beharko genioke paperari edo power-pointari begiratu beharrean.