martes, 13 de mayo de 2014

Berrikuntzak hezkuntzan. Gogoeta.

Gure ustez, hezkuntza esparruan berrikuntzak emateko aspektu garrantzitsuenetariko bat honako hau da: irakaskuntza on bat aurrera eramateko, aldaketen aurrean egokitzeko gaitasuna edukitzea. Izan ere, irakasle on bat izateko argi eduki behar dugu gure bizitzan zehar aldaketa ugari egin beharko ditugula gure irakasteko moduan, gure metodo, teknika eta baliabideak egoera eta momentu desberdinetara moldatuz. 

Aurrean aipatutako berrikuntza horiek esparru askotan eman daitezkeela uste dugu, curriculuma osatzen duten puntu nagusietan bereziki: metodologia, ebaluazioa, denbora, edukiak, helburuak, egutegia... Adibidez, irakasleek metodologia aldatu dezakete momentu edo kurtso bakoitzean duten taldeari egokituz. Badakigu aldaketek eragin positiboak edo negatiboak ekar ditzaketela eta horregatik uste dugu jendeak gerta daitekeenari beldurra diola. Hala ere, gure pentsamendu kritikoa garatzen badugu, aldaketa onak eta txarrak bereiztu ahal izango ditugu eta gure ikasleei hobeto datorzkienak aukeratuko ditugu euren ikaskuntza prozesua oztopatu gabe. 

Berrikuntzak hezkuntzan. Sintesia.

Testu hau sakonki aztertu ondoren, oso luzea eta mamitsua denez, azaltzen diren kontzeptu eta ideia nagusiak gainetik aurkeztea erabaki dugu. 

Hezkuntza munduko berrikuntzei buruz mintzatzen da une oro. Irakasle batzuk aldaketa hauen kontrakoak dira edota erresistentzia puntu bat islatzen dute. Ikastetxea aldaketa hauen zentroa izango da, baina helburu hau lortzeko bertako pertsonen inplikazioa behar-beharrezkoa da. Bertan aipatzen denez, berrikuntzak ez dira erreforma legegiletan bakarrik oinarritzen; garrantzi handiagoa dute irakasleen lanak edo zuzendaritzaren antolakuntzak. Hau da, aldaketa hauek ikastetxean bertan eman behar dira, irakasleek sustatu egin behar dituzte, bestela inoiz ez da berrikuntzarik emango hezkuntza arloan. 

sábado, 10 de mayo de 2014

“La educación prohibida”, hausnarketa indibiduala

“La educación prohibida” bideoa ikusi ondoren gogoeta edo hausnarketa moduko bat egitea eskatu zaigu. Beraz, hau ez da laburpen bat, baizik eta nire iritzi eta ideia propioak, bideoan planteatzen diren galderak eta informazioa oinarritzat hartuz.

Denboran zehar ikasketa prozesuak berrikuntza ugari jaso ditu, hau ukaezina da. Ikaste prozesu honen helburua, gidariak, hartzaileak... aldatuz joan egin dira gaur egun ezagutzen dugun egoera lortu den arte. Eta hauxe bera izan behar da geure buruari egin beharreko galdera. Zeinek gidatzen du benetan gure haur eta gazteen heziketa? Zein da prozesu horren helburua? Eta hartzaileak? Denori berdin zuzenduta al dago?

Ez da erraza galdera hauei erantzuten. Batez ere, eta nire ustez, hain galdera sakonak perspektiba handi batekin aztertu behar direlako. Zera hau esan nahi dut: gaur egun erraza da esaten duela urte batzuk Elizak gidatzen zuela hezkuntza eta goi mailakoari zuzenduta zegoela. Baina bizi gareneko momentua aztertzen ez da erraza, momentu honetan murgilduta baikaude, denboraren perspektiba hori falta zaigu.

domingo, 4 de mayo de 2014

Pelikularen gogoeta

Egia da eskolan haurra garatu egiten dela esaten dutela. Hauek beti egon behar dute zerbaiten bila, ezagutzen bila alegia. Gainera, askotan, gauzak gaizki doazenean ikaslearen errua dela esaten dute, baina ez da horrela. Halakoetan hezkuntza sistemaren errua da; sistema horren planteamenduaren errua.

Hezkuntza sisteman dauden aldaketek, haur batzuengan eskola porrota sorrarazten dute. Horregatik, beti esan izan da bi talde sortzen direla ikasleengan: batetik garaileak edo irabazleak daude eta hauek sarituak izaten dira. Gainera, unibertsitatera iristen diren bakarrak izan ohi dira eta gehiago baloratzen dituzte. Bestetik galtzaileak ditugu. Hauek askotan ez dira kontuan hartzen eta beren beharrak ez dira asetzen, irakasleek ez dituzte benetan ikasle hauek ezagutzen. Honek guztiak, ikasle hauek motibatu beharrean, eskolarako gogo eza sorrarazten die eta, askotan, “berriro eskolara?” esanez frustrazio sentimendua da hauengan islatzen dena.

Hori gutxi balitz, irakasleek nahi dutena egiten dutela esan daiteke. Bestalde, ikasleek eskolan denbora gehiegi pasatzen dutela esan izan da eta, arrazoi horrengatik, eskola parketzat hartua izaten da formazio lekutzat hartua izan beharrean. Beraz, eskolak hezkuntza pertsonala garatzeko edo lortzeko balio beharko luke; hots, ikasleek konpetentzia edo gaitasun intelektualak, sozialak, fisikoak, psikikoak, kognitiboak, psikologikoak… garatzeko leku aproposa izan beharko luke, eskola ez litzateke haurrak preso edukiko dituen kartzela moduko bat izan behar.  Arrazoi horrengatik, ikasle guztiak era berdinean kontuan hartu beharko genituzke, frustrazio sentimendu horrekin amaituz. Horrela, etorkizunean, eskola, motibatuak eta gogotsu joango diren leku bat izango da.